Albisteak

2014 Iraila 02

Lore-landareak ere baratzetan

Gaur egun zabaltzen ari diren herri baratzetako lursailetan edo baratze txikietan ere lore-landareak egitea proposatu nahi dugu.

 

 

Orain dela urte batzuk, lan dibertsifikatua zuten baserritan, lur eremu bat erreserbatzea ohitura zen lore-landareak egiteko. Barazkiak saltzeaz gain, lore sortak ere baserritarrek saltzen zituzten herriko dendetan.

Hau desagertzen ari da, baserri eredu hau desagertzen ari den neurrian, baina oraindik gutxi batzuk geratzen dira, landarea egin eta herriko azoketan garai-garaiko lore sortak saltzen dituztenak. Beste landareen artean sarritan ikusten ziren kosmosak, ziniak, daliak, krabelin txinatarra, margaritak, kalak, e.a.

Neurri txikiago batera ekarriz, gaur egun zabaltzen ari diren herri baratzetako lursailetan edo baratze txikietan ere lore-landareak egitea proposatu nahi dugu.

Arrazoiak:

- Lore freskoak etxera eramatea oso ederra delako.

- Lore-landare hauek gehienak urteko landareak dira, eta beraz oso erraz egin daitezke hazietatik hasita. Oso lan gutxi eskatzen dute eta emaitza ederra izaten dute. Ereintza udaberrian egin, tarteka jorratu eta ureztatu. Loreak udaberri bukaeran eta udaran ematen dituzte eta moztu ahala, lore berriak ere ematen jarraitzen dute gehienak.

- Baratzea dibertsoa izaten laguntzen dute (landare desberdin ugari) → izakien arteko oreka mantentzen laguntzen dute → izakiak ez dira izurri bihurtzen → baratza osasuntsuagoa.

- Gainera, onuragarriak dira baratzaren osasuna mantentzeko.

Zergatik?

- Landare batzuk xomorro onuragarriak erakartzen dituztelako baratzera (Xomorro hauek beste xomorro kaltegarriez elikatzen dira edo parasitatzen dituzte).

- Landare hauek polena edo nektar asko izan dezakete → Erleak erakartzen dituzte → Polinizazioak sustatu → Fruitua aprobetxatzen dugun barazkien produkzioa handitzen laguntzen dute (tomate, piper eta berenjena barietate askoen kasuan, kalabazina, kuia…).

- Orokorrean, lore politak dituzten landareak erleak erakartzen dituzte, eta onuragarriak dira beti baratze batean, baina, beste askoren artean, azpiko hauek zehazki onak izan daitezke:

Milorria (Achillea sp): Intsektu onuragarriak erakartzen ditu, baita erleak ere.

Ilena (Calendula officinalis): Euli zuria (Tomatean, kuiatxoan, berenjena..)eta nematodoak uxatzen ditu. Aldi berean zorrien parasitoak erakartzen ditu.

Daliak (Dahlia sp): Nematodoak uxatzen ditu.

Isipu-belarra (Hyssopus officinalis): Beldarrak, zorriak eta barraskiloak usatzen ditu. Erleak erakartzen ditu ere.  

Salbia (Salvia officinalis): Azaren tximeleta (beldarrak hostojaleak dira) eta azenarioaren eulia (azenarioak, perrexila edo apioan eragina du) uxatzen ditu.

Urrezko makila (Solidago virgaurea): Intsektu onuragarriak eta erleak erakartzen ditu.

Tanazetoa (Tanacetum cinerariifolium): Zorriak, azaren tximeleta eta beldar grisak (landareak lepotik hondatzen ditu) uxatzen ditu.