Hizkuntza-ekologia dekalogoa

Gurasoek seme-alaben hizkuntza-praktiketan eragiteko neurriak jasotzen dira.

1 Hausnartu zure euskararekiko motibazioa, ezagutza eta erabilera zein den.

Hizkuntza ezagutzaz gain, euskararekiko jarrerak eta erabilera ohiturak transmititu egiten dituzu. Zein balio ematen diozu euskaraz bizitzeari? Zergatik nahi duzu zure seme-alabak euskaraz bizitzea? Euskararekin gozatzen duzu? Euskaraz erdaratan bezain ongi moldatzen zara? Saiatzen zara zure euskara hobetzen? Non-noiz-norekin egiten duzu euskaraz? Euskaraz zuk baino gutxiago dakitenekin euskarari eusten diozu eta ulertzeko moduan egiten diezu? Euskara gero eta gehiago erabilita, euskaraz erosoago egiten duzu? Seme-alaben heziketan hizkuntza ere kudeatzen duzu aktiboki?

Seme-alabengan euskararen erabileran eragin nahi baduzu, zure burua ezagutzetik abiatzea eta zuk zer egiten duzun, egin dezakezun eta egiteko prest zauden identifikatzea lehen urratsa izan daiteke.

2 Hizkuntza egoeraz jabetu: Munduko hizkuntza krisiak eta euskararen egoera soziolinguistikoak eragina du seme-alaben hizkuntza hautuan ere.

Paradoxa batean bizi gara. Munduan 6.500 hizkuntza inguru omen daude baina hizkuntzak desagertzen ari dira abiada handian (15 egunero, hizkuntza bat). Era berean, euskararen lurraldean gero eta hizkuntza gehiago hitz egiten dira eta euskara hizkuntza gutxiagotua da bere lurraldean. Zuen seme-alaben hizkuntza autuan ere eragina du egoera desorekatu honek eta guraso zaren heinean, euskararen aldeko eragile orekatzailea izan zaitezke seme-alaben errealitatean, batez ere, haurren lehen urteetan, lehen sozializazioan.

3 Seme-alaben hizkuntza egoera eta praktikak behatu: Non-norekin-noiz euskaraz?

Zein egoeratan erabiltzen dute seme-alabek euskara gehiago? Zein faktoregatik izan daiteke? Gurasoen interbentzioek zein eragin dute? Noiz, norekin eta non ez du erabiltzen euskara seme-alabak? Gero eta helduagoa izan, erabileran aldaketak daude? Seme-alabek euskaraz non-noiz-norekin egiten duten behatzea lehen urratsa da, zein neurri hartu ditzakezun identifikatzeko. 

4 Gozatu eta estimulatu seme-alaben hizkuntza jabekuntza prozesuarekin eta zaindu beraiekin dituzun komunikazio bideak.

Hizkuntza da gizakion ezaugarri berezkoena eta hizkuntza bakoitzak kultura bat du bere muinean. Haurrek garapen prozesuan hizkuntza nola bereganatzen duten behatzea zirraragarria da. Ez dago hizkuntza zailik seme-alabentzat eta gurasoek seme-alaben hizkuntzen ikasketa prozesua zirikatu dezakezue jaiotzetik bertatik hasita, ahozkotasuna, hiztegia eta komunikazio bideak irekiaz, seme-alabak euskaldun eleaniztunak bilakatzeko eta seme-alabekin komunikazio bide eraginkorrak irekitzeko.

5 Seme-alabekin hizkuntza aniztasunarekiko jarrera positiboa sustatu eta euskarari prestigioa eman.

Seme-alabekin txiki-txikitatik hasi zaitezke kontzientzia linguistikoa lantzen, duten garapen eta adinera egokituta. Hizkuntzei buruz hitz egin eguneroko bizitzan, hizkuntzekiko interesa piztu eta euskaldun izateari balioa eta prestigioa eman. Izan ere, hizkuntza gutxiagotuen erabileran faktore garrantzitsu bat da hizkuntzari ematen zaion prestigioa.

6 Testuinguru euskaldunak babestu eta sortu seme-alabentzat eta etxekoen hizkuntza erabilera adostu.

Haurrak egoeretara egokitzen adituak dira, txikitatik oso ondo jakin ohi dute testuinguruaren arabera, edo pertsona eta taldearen arabera, zein hizkuntza erabiltzea den eraginkorrena; ekonomiaren printzipioa baliatzen dute, ahalegin gutxienarekin emaitzarik onena lortzeko. Seme-alabek ahal den eta harreman eta egoera gehienetan euskaraz egiteko aukera badute (etxean-ikastetxean-kalean), naturaltasunez euskaraz aritzeko joera izango dute.

Etxetik kanpo, gurasoek bidea erraztu diezaiekezue seme-alabei euskarazko giroa eta harremanak izaten. Adibidez, euskaraz zerbitzua ematen duten tokiko dendetan kontsumitu, mediku edo kirol entrenatzaile euskalduna eskatu, euskarazko kultur eskaintzan eta aisialdian murgildu, mundu digitalean euskaraz aritu,… Zer gehiago? Etxean, harreman hizkuntza euskara izango dela adostea estrategikoa izan daiteke, haurrek nerabezaroan ere euskarari eusteko. 

7 Testuinguru ez horren euskaldunetan ere, euskaldun izaten lagundu eta trebatu seme-alabak.

Euskarak erabilera eremu mugatuak izaten ditu. Testuinguru eta harreman sare ez horren euskaldunetan ere euskaraz ahal den eta modu positiboenean bizitzeak seme-alabak trebatu egiten ditu, hauetan ere, euskaraz egiten. Seme-alabei egoera hauetan bidea erraztea eta beraien bidelagun izatea gurasoen esku ere badago.

Batetik, seme-alabek lehen hitza euskaraz egiteko eta euskaraz egin ez arren ulertzen dutenekin euskaraz jarraitzeko eredu izan zaitezke. Edota jarrera ezkorren aurrean, indartuta ateratzeko esperientziak partekatu seme-alabekin. Bestalde, zure seme-alaben lagunek euskara etxean jaso ez badute, edota euskaraz egiteko ohiturarik ez badute, aukera emaiezu euskarara gerturatzeko eta zuekin euskaraz bizitzeko. 

8 Gurasoen artean, eta guraso taldeetan euskaraz aritu eta aktibatu zure ikasketa prozesua.

Gurasoek gurasoekin dituzuen hizkuntza praktikak imitatu egiten dituzte seme-alabek. Guraso Elkarteetan, gurasoen whatsapp taldeetan edota gurasoek ikastetxearekin partekatzen dituzuen espazioetan, euskararen erabilera sustatu eta adostu. Guraso izateak, euskarara gerturatzeko eta zure ikasketa prozesua abiatzeko edo aktibatzeko aukera ezin hobea irekitzen dizu. Zure seme-alabak izan daitezke ikasketa prozesu honetan bidelagun, gustatuko zaie! 

9 Euskaran murgildu seme-alabak, bizipen positibo, zoriontsu eta askotarikoak bultzatuaz.

Gurasoek, etxean euskaraz jakin edo ez, seme-alabak euskaran murgiltzea bultzatu dezakezue. Ikastetxean, euskarazko murgiltze eredua da eraginkorrena seme-alabek euskara ikasteko eta maitatzeko eta euskaldun eleaniztunak bilakatzeko. Aisialdian, euskaratik eta euskaraz ari den kulturarekin harreman zabal eta askotarikoa jasotzeko aukera eman seme-alabei, bai eskolaz kanpoko ekintzetan eta baita udalekuetan edota herriko bizitzan ere.

10 Dekalogoa martxan jarri, ebaluatu emaitza eta zoriondu zure seme-alabak egiten ari diren bilakaeragatik. Mila esker hizkuntza-ekologista izateagatik :)

Ikasturte honetan zein neurri hartuko dituzu seme-alabek euskaraz bizitzeko aukera eta gogoa indartzeko? Dekalogo honetako zein ekintza abiatu dituzue? Ondo pasa duzue? Euskara esperientzia positiboekin eta gozamenarekin lotu duzue? Euskara maila hobetu dute seme-alabek? Hizkuntza ohitura batzuk aldatu dira etxean? Eta haurraren ekosisteman ere? Hizkuntza-ekologista izatea zaila egin zaizue? Eta hemendik aurrera zer? Zoriondu zuen seme-alaba egiten ari den bilakaeragatik, biba zuek! 

Jaitsi hemen dekalogoa pdf formatuan: dekalogoa (eu) | decálogo (es) | décalogue (fr)


Sakatu irudian familientzako hiztegi-praktikoa ikusteko (eu-es-fr) aek-ren eskutik