Albisteak

2020 Maiatza 14

Baratzaren balioa ikusgarriagoa egin da Covid-19 krisialdian

Hiri eta herrietan baratzeak abiatzea estrategikoa dela sinistuta Kutxa Ekogunetik sortu genuen Baratze Parke Sarea helburu anitz lortzeko asmoz: autokontsumorako baratzezaintza ekologikoa sustatzea; gizatalde ezberdinen arteko elkarbizitza eta auzolana bultzatzea; lurrarekin harreman zuzena izateko aukera eskaintzea; espazio berdeak zabaltzea;  aisialdia aktibo eta jasangarria bultzatzea; euskarentzat arnasguneak sortzea; tokiko eta garaiko produktu ekologikoen kontsumoa bultzatzea; eta nekazal kultura herriratzea eta landa eremuaren eta hiri ingurunearen arteko arrakala txikitzea.

Covid-19k sortutako egoera honetan, argiago ikusten ari gara zein garrantzitsua den bioaniztasuna eta lurra zaintzea. Hainbat adituk adierazi dute bide honetan, Covid-19 eta bestelako pandemia kontrako neurri prebentibo nagusia dela ekosistemak eta biodibertsitatea zaintzea, eta Baratze Parke Sareak helburu honi ere erantzuten dio.

Ildo honetan azken asteetan entzuten eta irakurtzen ari garena zuekin konpartitu nahi dugu:

  • Covid-19 krisiaren osteko akademiako profesional talde batek bultzatutako Euskal Herria Post Covid-19 manifestua. Manifestuan proposatzen dituzten bost ildo estrategikoetatik bat nekazaritza eta elikadura-sistema eraldatzea, agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egitea eta elikadura osasungarri eta elikagarrirako eskubidea babestea da.
    Esan dezakegu, bide honetan, BPSan lursail txiki batean autokontsumorako ekoizpen ekologikoa praktikatzen duen orok, era berean, garaiko eta bertako produktuen aldeko hautua egingo du bere saskia osatzeko orduan, bertako baserritarren aldeko ekonomia bultzatuaz.
     
  • Bide beretik, Fernando Valladares Ros ekologoak maiatzaren 9an BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa interesgarrian adierazten duenez, etorkizuneko pandemien arriskua jaisteko gakoetako bat da natur ekosistemen osasuna zaintzea eta beraz, naturarekin dugun harremana aldatzea.
     
  • Begirada oraindik gehiago zabalduta ere, badirud hiri-baratzen mugimiendua handitzen ari dela mundu mailan.  Covid-19 egoera honetan, adibidez, AEBetan etxeko eta autokontsumarako baratzegintzan benetako gorakada ematen ari da eta pandemiatik haratago ere, sortu den Cooperative Gardens izeneko hiri-baratzeen aldeko gizarte-mugimendua indartu egin da. Nazioarteko adibide eta xehetasun gehiagorako, Diario de Madrid-en argitaratu berri den Huertopía izeneako artikulua proposatzen dizuegu.