Albisteak

2021 Martxoa 03

Gaur, martxoak 3, Bizitza Basatiaren Mundu Eguna

Zertaz hitz egiten duzu beteta dagoen terraza batean kafe bat hartzen duzun bitartean gehienez, 3 lagunekin zaudela? Une hau biodibertsitatea aztertzen duten pertsonekin partekatuko bazenu, honelako esaldiak entzungo zenituzke: "jakin al duzu Aranzadiko Beñatek birigarro baten habian oribatido espezie berri bat aurkitu duela? Edo, Ginea Berriko goi-mendiko belardi batean kanpatuta dagoela Mertxe, halako generoaren gramineoak aztertzen; zer zorte duen, ezta? Edo Guadiana ibaian arraunean ari nintzela, toc-toc bat entzun nuen enbor baten kontra eta prismatikoak azkar hartuta okil ertaina ikusi nuen, aluzinatuta gelditu nintzen zeren eta okil hori, …".

Gure arrazonamendu morala kontraesankorregia da ulertzeko gure planetan 8 milioi espezie bizi garela eta gu, haien arteko beste bat baizik ez garela. Carl Linneo botanikariak 1758an espezieen sailkapen-sistema argitaratu zuenetik, gure planetako espezieen %20ri soilik eman diogu izena, eta egunero bizidunak desagertzen ari dira, guk horiek ezagutu gabe, eta gure eta planetaren biziraupenerako zer suposatzen duten jakin gabe.

Espezieen desagertze masibo baten atarian gaudela entzungo zenuten, bigarrena, duela 65 milioi urte, 12 kilometroko diametroa zuen asteroide hark, segundoko 20 kilometrotara, Yucataneko kostaldearen aurka talka egin eta zerua itsutzen zuen kedarra altxatu zuenetik. Orduan, espezieen % 60 desagertu zirela kalkulatzen da, azken dinosauroak barne; gaur egun, aldiz, milioi bat espezie daude desagertzeko zorian.

Ehiztari-biltzaileak ziren gure arbasoak bezain menpekoak gara naturarekiko, eta, zein espezie salbatu behar ditugun eta zein diren baztergarriak ziurtasunez erabaki dezakegula pentsatzeko joera dagoen arren, zientziak hori akats handia dela ohartarazten digu. Adibide bat jartzearren, patata eta gizakien artean DNA sekuentzia antzekoagoak ditugu, bakterio espezie jakin batzuek elkarren artean baino. Ezin dugu jainko izatera jolastu, azken bataila irabazteko modu bakarra natura kontserbatzearen alde egitea delako, eta garaiz gabiltza.

Bizitza Basatiaren Munduko Eguna dela eta -martxoaren 3a-, Kutxa Ekogunetik gure etorkizunari buruz irakurri, hausnartu eta terrazan hitz egitera gonbidatzen zaitugu, kontuan hartuz, noski, etorkizun horretan ezin garela bakarrik egon!