Albisteak

2020 Apirila 29

Haurrak jolastera!

Bizitzen ari garen egoera berezi honetan, haurren garapen osasuntsua bermatzeko makina bat aldarrikapen egin dira egun hauetan, eta beraien egoeraren harira ikerketa bat osatu du Euskal Herriko Unibertsitateko lantalde batek. Emaitzetan erreparatzen baditugu, argi geratzen da gizartearen kolektibo zaurgarrietako bat, kasu honetan haurrak, orain bizitzen ari garen osasun krisiaren ondorioak zuzen-zuzenean pairatzen ari dela.

Haurren %20ak ia ez du ariketa fisikorik egiten eta laurdena pantailen aurrean sei ordu baino gehiago egoten da. Datu hauek kezkagarriak dira, eta haurren eskubideak bermatzea nekez betetzen dela ondorioztatu dezakegu. Eskubide horien artean jolasteko eskubidea barne.

Konfinamenduarekin hasi baino lehen, denboraz larri ibiltzen ginela zen gure leloa. Orain, denbora gehiegi daukagula, eta hau betetzeko arazoa. 

Haurrentzat jolastea egunerokotasunaren ekintzarik garrantzitsuena da, arnastea bezain garrantzitsua. Haurrek barnean daukaten guztia bideratzeko denbora behar dute; eta horretarako, denboran galtzeko eta esploratzeko aukera eskaini behar zaie.

Lehen, eskolaz kanpoko ekintzez zein pantailez beteta zeuden tarte horiek, beraz jolas-librean murgiltzeko aukerak txikiak ziren. Egungo egoeran, helduon barne larritasuna  hizpide, haurren denbora jarduera gidatuez bete dugu. Ez da harritzekoa, emaitzen gizartean bizi gara, non dena neurtu egiten den. Bai, jolasa baloratzea zaila egiten zaigu, emaitza ez delako momentuan ikusten; ordea, jarduera gidatuetan bai, eta horrek barne-lasaitasuna ematen digu.

Imagine Elephants dokumentalean Francesco Tonuccik dioen moduan, “jolastu” aditza ez da bateragarria “zaindu” eta “kontrolatu” aditzekin; “jolastu” aditzak “utzi” behar du bere ondoan. Jolastea beraz, haurrek beraien kuriositatea eta mundua aztertzeko duten beharraren espresioa da, umeen askatasunezko espazioa. Beraz, modu osasuntsu batean garatzeko daukagun altxorrik zoragarriena da jolasa!

Orduan zein da helduon rola? Jolasaren gidaritza haurren esku utzi behar dugu. Bat-bateko ekintza delako, berezkoa. Jolasaren helburua, jolastea bera da, gozatzea eta honen guztiaren motorra sentitzen dugun plazera. Hara! Eta bitxiena da jolasean emaitzarik ez dela espero, ezta inoren oniritzirik ere.

Bestetik, naturan jolastea gure osasunari zein garapenari onurak eskaintzen dizkie. Bizi dugun egoerarekin lotuz, haurrek igandetik kalera irtetzeko aukera badute ere, gune berdeetan jolasteko aukera ez zaie eskaini, eremu horiek itxita mantendu direlako. Honek lotura zuzena du Biodonostiako INMA proiektuak aurkeztu berri duen ikerketarekin. Lan honetan, gure hirietan gune naturalek duten garrantzia eta biztanlerian nola eragiten duten aztertu da. Ikusi hemen Biodonostiak egindako bideoa.

Adi! Aspertuta ikusten baditugu ere, sortzeko gaitasuna martxan jartzeko aspertzea beharrezkoa da; baina zenbat eta jolasteko denbora gutxiago eskaini, gaitasun hau poliki-poliki itzaliko da…beraz, haurrak jolastera! Eta nahi baduzue, zuek ere bai!