Albisteak

2021 Apirila 23

Naturan hezi eskola

Kutxa Fundazioak Uda Ikastaroarekin elkarlanean, Naturan Hezi Eskola sortu du, naturan murgildu den hezkuntza-komunitatearen formazio eta topagune bihurtzeko helburu duena. Asmo bikoitz honi erantzuteko, Naturan Hezi Eskolaren baitan, urtero eskaintza anitza izango da, oraingoz: Naturan Hezi online ikastaroa eskainiko da batetik eta Naturan Hezi Topaketak, bestetik.

Naturan hezi, lore garaian

Naturan Hezi, lore garaian online ikastaroaren hirugarren edizio honetan, naturaren ezagutzan sakondu nahi izan dugu, naturan garatzen den jolasa ulertuz, horretarako zenbait gako eman ditugularik. Hala, hausnarketa-gune bat sortu nahi izan da, naturan hezteak eta hazteak sor ditzakeen erronken inguruan gako batzuk eskaintzeko, besteak beste, naturarekin kontaktuaren garrantzia eta onurak haurtzaroan, biodibertsitatea eta ingurumen ezagutza, natura-ingurunearen kontserbazioa, jolasa naturan eta ikasteko metodologia aktiboak, errespetuzko komunikazioa, naturan hezteko gidalerroak, segurtasun irizpideak eta curriculumaren garapena naturan.

Naturan hezi topaketak

Baina formazioa eskaintzeaz aparte, Naturan Hezi Eskolak eremu berdeetan hezten duen hezkuntza-komunitatearen topagune ere bihurtu nahi du, eta horretarako, urtero Naturan Hezi Topaketak izango dira, gai baten inguruan sakontzeko hizlari adituak ekartzeaz aparte, esperientziak partekatzeko, ikastetxeen artean elkarlana eta sinergiak sortzeko helburuz. Lehen edizio honetan, Naturan hezteak, ikastetxean dakarren eraldaketa pedagogikoa izango da gai nagusia. Izan ere, naturan hezten duten ikastetxeetan, eraldaketa handia ematen da eta eskolako proiektuetan, curriculumean zein hezkuntza-komunitate osoan du eragina honek.

Egun bizi dugun krisi globalak zerikusi handia du klima-larrialdiarekin eta honi aurre egiteko tresnetako bat, hezkuntza bera dugu. Adituek diotenez, klima-larrialdiko edukiak ikasgai batean ala bestean txertatu baino, programa akademiko guztia blaitu behar dute, zeharkatasunetik eta disziplinartekotik landuz, ikasleen bizitzetan inpaktua izan dezaten. “Garapen Jasangarrirako Helburuetarako Hezkuntza” (GIH/ODS) txostenean, Unesco Etxeak dio “esperientzia zuzenak” behar direla, ikasleen arlo emozionala ukitzen dutenak.

Naturan Hezi Eskolaren helburua, beraz, eskolak naturara zabaltzeko grina piztea da, egun bizi ditugun egoerei aurre egiteko irtenbide gisa. Eskola-sistemako eragileengan jasangarritasunarekiko konpromezua indartu nahi dugu eta horretarako, irakasleak naturan hezteko prestatu nahi ditugu eta naturara murgildu diren irakasleen artean komunitatea sortu.

Helburuak

  • Naturan ikasteko ereduak, egungo pandemia eta klima-larrialdi egorei aurre egiteko tresna bezala ulertzea.
  • Irakasleak naturaren ezagutzan, jolas librean eta entzute-aktiboetan oinarritutako pedagogietan formatzea.
  • Euskal curriculuma naturalizatzea eta natur-alfabetizazioa areagotzea. Haurrek naturaren bidez konpetentzia guztiak bereganatzeko eta naturarekin harremana handitzeko aukera ematea.
  • Parte-hartze aktiboa sustatzea komunitatea eta sarea osatzeko.
  • Naturan heztearen esperientziak eta ezagutzaren transmisioa balioan jartzea.
  • Eskolako izaeran naturan hezteak eragiten duen inpaktuaren inguruan hausnartzea.
  • Mundu mailan dauden Naturan Heztearen inguruko esperientziak ezagutaraztea, inspirazio iturri gisa.

Jarduera nori zuzenduta

  • Unibertsitateko ikasleak
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Profesionalak
  • Gurasoak
  • Publiko orokorra