Albisteak

2020 Ekaina 24

Pauso txiki asko

Azken hilabeteetan egoera berezi eta zail honen aurrean hobe genitzakeen gaien inguruan hainbat hausnarketa helarazi ditugu atal honetan. Gaur normaltasun berrian aipatutako helburu batzuk gertuago ikusten ditugu, pandemia honek fokoa aldatu bait digu zentzu askotan.

Hala, naturara gerturatzeaz hitz egin genuen hasieran eta gehienok gure herrietako lehen kilometroko erradioko herri bide, belaze, parkeak ezagutu eta gozatu ditugu. Baita bertako txori kantuak ere balkoietan geundenean. Haurren jolasaz ere luze aritu gara eta asko dira tarte hau familia unitatea elkarren artean hobeto ezagutzera eraman dituenak: haurrek helduen lan mundua eta helduek haurren jolasari eskaini diote begirada, bi munduak gerturatuz.

Erosketak hasieran halabeharrez, ondoren konbikzioz auzoko edo merkatuetan egiteko pausoa eman du askok, auzoa biziz, ondokoaren egoerarekin enpatizatuz, eta zer eta nori erosten diogun hobeto aztertuz.

Lagunartean egoteko etenda izan dugun denbora kulturara gerturatzeko ere erabili dugu; liburu, museo birtual, kontzertu, poesia, online eztabaida asko izan dira. Covid-19ren inguruko informazioa bera kontrastatu beharrak ere gure espiritu kritikoa piztu du.

Eta begirada zabaldu zaigu. Norbere zilborretik haratago gure bizilagunen egoeraren inguruko ardura izan dugu, ekimen solidario oso interesgarriak sortuz, behar handienak dituztenen alde.

Eta beharrezkoa da esparru askotan ematea aurrerapausoak, bide berriak esploratu… izan ere etorkizuna jasangarria izango bada bera osatzen duten hiru ataletan izan beharko da; ekonomikoan, arlo sozialean eta ingurumenean.

Ongi etorriak dira pauso txikiak!