Baso-eskola

Baso-eskola naturan garatzen den hezkuntza-eredua da. Haurrek basoan edo ingurune natural batean jolastu, ikertu eta ikasten dute eta helduek behatzaile papera jokatzen dute bertan, haurrak lagunduz baina ez gidatuz. Kutxa Ekogunean, 2016 urtean hasi ginen baso-eskola proiektua pilotatzen, haurrek naturarekin zuten harremana handitzeko beharraz ohartuta. Kutxa Ekoguneko misioaren baitan kokatzen dugu eredua eta helburu bikoitza du, alde batetik haurraren garapen integralean positiboki eragitea, naturak eskaintzen dituen onurak aprobetxatuz; eta bestetik natura bera eta bioaniztasuna zehazki babestea, parte hartuko duten haurrek eta eskola-komunitate osoak ingurumen kontzientzia hartuko dutelako. Hauek dira baso-eskolaren ezaugarri nagusiak:

  • Ikasgela natura bera da.
  • 3-6 urte bitarteko haurrei zuzendutako eredua da, Haur Hezkuntzako ikasleei, hain zuzen ere.
  • Hezkuntza edukiak curriculum ofizialean oinarrituak egoten dira eta natura bera izaten da baliabide didaktiko garrantzitsuena.
  • Ohikoa da jolas librea ikasketa metodologia nagusia izatea, haurren ikasteko metodo naturaltzat jotzen delako.
  • Inguruneari dagokionez, eskolatik gertu dagoen natur-gune bat erabiltzen da proposatzen dena.
  • Azkenik, elkarrizketa maila guztietan sustatzen da: ikasleen artean, irakasleen artean, ikasle-irakasleen artean eta baita gurasoekin ere. Entzute aktiboaren pedagogia hau oinarrizkoa da haurrak dituzten interes eta bertuteez jabetzeko, emozio- eta adimen-garapena ematen den bitartean.

BASO-ESKOLA: XEHETASUN GEHIAGO

“Ingurumen natural batean ikasiz, haurrei konfiantza lortzea baimentzen dien inspirazio-prozesu” bat bezala ere definitu izan da baso-eskola. Beraz, entitate pedagogiko zein fisikoa da. Basoa haurren independentzia eta autoestimua lantzeko tresna bilakatzen da eta lantzen diren edukiak, curriculumean txertatutakoak dira. Gainera, natura kontzeptu abstraktuagoen ikasketarako ere erabil daiteke, esate baterako matematikak, komunikazioa edo nola ez, klima larrialdia. Hain zuzen, eskola-sistemako eragileengan jasangarritasunarekiko konpromezua indartzeko eredua izatea nahi dugu eta horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu irakasleak naturan hezteko prestatzea eta batez ere, klima larrialdiak curriculuma blaitzea zeharka, eta ez ekintza puntualen bidez.

Herrialde garatuetako haurrek gero eta denbora gutxiago ematen dute kalean eta jolas librerako duten denbora ere mugatua da. Honek arazo fisiko (alergiak, ikusmen arazoak, motrizitatearen atzerapenak…), psikiko (estresa, depresioa…), zein kognitiboak (hiperaktibitatea, arreta baxuko sindromea...) dakartza. Kezka honi aurre egin nahian, hezkuntza eredu berdeagoak garatzen hasi dira herrialde ugarietan baina oraindik gurean mota honetako hezkuntza bultzatzen duten zentroak gutxi dira eta gehienak gainera sistematik at kokatzen dira. Testuinguru honetan, Kutxa Ekoguneak beharrezkoa ikusten zuen Gipuzkoako eskola homologatuan baso-eskolaren garapenaren inguruko estudio bat egitea eta esperientzia honetatik ikasitako guztia eskola sistema gutien eskuetan jartzea, denborarekin sare bat osatuz eta sarearentzat topagunea bihurtuz.

Danimarkan sortu zen 50. hamarkadan eredu honetako lehen eskola. Egun 300 eskola baino gehiago dituzte eta “Skov-Skole” (“Basoko eskolak”) izenarekin ezagutzen dira. Gerora, eredua inguruko herrialdeetara zabalduz joan zen, esate baterako, Alemanian 60. hamarkadaren bukaeran ireki zen lehena, eta “Waldkindergarten” (“basoko haur eskola”) bezala ezagutzen dira; egun 800 baino gehiago dira, eta hauetako gehienak gobernuak sustatzen ditu. Suedian, 80. hamarkadan sortu zen eredu honetako lehen eskola eta “I Ur och Skur” (“goazen kanpora euria zein eguzkia egin”) izenarekin ezagutzen dira. Erresuma Handian 1990. hamarkadan garatzen dira, Danimarkatik inportatuta eta 2017an inguru zeharkatzen du ozeanoa Kanadara eta Estatu Batuetara iristeko. Egun Asian, Australian eta Afrikan ere aurki daitezke, mundu mailako mugimendu bat bihurtuz.

Esan bezala ia edozein herrialdeetan aurki daitezke eredu honetako eskolak. Estatu mailan, 2015ean zabaldu zituen ateak Hezkuntzak homologatutako lehenak, Bosquescuelak, Madrilen et badaude ere hainbat eskola libre eredu honetatik edaten dutenak. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, naturarekin kontaktu zuzena eta jarraia duten lehen eskolak 2019an homologatu zituen Hezkuntza Sailak: Azkoitiako Bizilore eskola, Zallako Landabaso eskola eta Berrizko Umerri eskola. Eskola libreei dagokionez, 10 dira naturarekin harremana sustatzen duten proiektuak: Mara-mara (Sopela), Woodlands Nature School (Gatika), Bihotz Inguru Baso-Eskola (Donostia), Haitzuri Hondar Eskola (Sopela), Gutxinaka-gutxinaka (Gasteiz), Zapaburu Eskola (Donostia), Barraskilo Espazioa (Laukiz), Aiurri Montessori (Gasteiz), Montessori Gran Bilbao (Bilbo) eta Zingira Eskola Aktiboa (Orio).

Eskolak naturara gerturatzeko helburuarekin baso-eskola ereduko pilotaje bat hasi genuen 2016an Kutxa Ekogunean bertan gertuko bi eskolekin: Hernaniko Langile Ikastola eta Donostiako Amara Berri eskola. Eskola hauetako Haur Hezkuntzako 4 urteko eta 5 urteko lerro osoak, hurrenez hurren, urtebetez txandaka etorri ziren Ekoguneko baso-eskolara eta 2018-2019 ikasturtetik aurrera, baso-eskolako metodologiari jarraipena eman diote zentroan bertan. Esperientzia hau eredutzat hartuta, hezkuntza-metodologia hau beste eskoletara zabaltzea izan genuen helburu, eskola guztietako haurrek aukera izan zezaten naturaz gozatzeko.

Horretarako, pilotajean zehar, baso-eskolako Batzorde Teknikoa sortu genuen Kutxa Ekogunean eta besteak beste, Ingurugela-CEIDAk, Berritzeguneak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hartu zuten honetan parte. Hain zuzen, EHUko Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktika sailetik, baso-eskolako pilotajea ebaluatzeko helburuz ikerketa lanak egin ziren eta jarraian ikerketa horretako emaitza nagusiak laburtzen dira:

Irudia. Pilotajean parte hartutako taldeen batezbesteko emaitzak agertzen dira, adierazleak ECERS (1998) eskalan jasota. Izartxoekin esangarritasun estatistikoa jaso da: *** P<0.001 eta ** P<0.05

Irudia. Pilotajean parte hartutako taldeen batezbesteko emaitzak agertzen dira, adierazleak ECERS (1998) eskalan jasota. Izartxoekin esangarritasun estatistikoa jaso da: *** P<0.001 eta ** P<0.05

Pilotajeko emaitzetan oinarrituta, baso-eskola eredua zabaltzeari ekin genion eta horretan dihardugu gaur egun ere (ikusi hemen zein eskolekin gauden elkarlanean). Zuen eskolan ere haurrek naturarekin duten harremana handitzea nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan, zure zain gaude-eta!

Baso-eskola
sarea

Gipuzkoako zenbait herrietako eskolek parte hartzen dute baso-eskola ekimenean. Zuk ere nahi al duzu parte hartu?

Info gehiago

Baso-eskola topagunea

Baso-eskolak badu irakasleak, ikasleak, familiak, udalak eta hezkuntza-komunitate osorako topagune bat.

Info gehiago

Basoko
jarduerak

Jolas librea metodologia nagusia bada ere, tarteka jarduera gidatuak antolatzen ditugu haurrekin. Ezagutu nahi?

Info gehiago

Formakuntza eta aholkularitza

Hemen aurkezpenak, bisitak, ikastaroak, basoko azterketak, jantziak eta materialak, ikerkuntza… bilatuko duzu.

Info gehiago
 

Albiste boletina

Harpidetu eta izan gure ekimenen berri