Baso-eskola naturan garatzen den hezkuntza-eredua da. Haurrek basoan edo ingurune natural batean jolastu, ikertu eta ikasten dute eta helduek behatzaile papera jokatzen dute bertan, haurrak lagunduz baina ez gidatuz. Kutxa Ekogunean, 2016 urtean hasi ginen baso-eskola proiektua pilotatzen, haurrek naturarekin zuten harremana handitzeko beharraz ohartuta. Kutxa Ekoguneko misioaren baitan kokatzen dugu eredua eta helburu bikoitza du, alde batetik haurraren garapen integralean positiboki eragitea, naturak eskaintzen dituen onurak aprobetxatuz; eta bestetik natura bera eta bioaniztasuna zehazki babestea, parte hartuko duten haurrek eta eskola-komunitate osoak ingurumen kontzientzia hartuko dutelako. Hauek dira baso-eskolaren ezaugarri nagusiak:
- Natura bihurtzen da ikasteko gunea.
- Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago, batik bat.
- Hezkuntza edukiak curriculum ofizialean oinarrituak egoten dira eta natura bera izaten da baliabide didaktiko garrantzitsuena.
- Ohikoa da jolas librea ikasketa metodologia nagusia izatea, haurren ikasteko metodo naturaltzat jotzen delako.
- Inguruneari dagokionez, eskolatik gertu dagoen natur-gune bat erabiltzea da proposatzen dena.
- Azkenik, elkarrizketa maila guztietan sustatzen da: ikasleen artean, irakasleen artean, ikasle-irakasleen artean eta baita gurasoekin ere. Entzute aktiboaren pedagogia hau oinarrizkoa da haurrak dituzten interes eta bertuteez jabetzeko, emozio- eta adimen-garapena ematen den bitartean.
Kutxa Ekoguneko baso-eskola eredua jarraitzen duten Gipuzkoako ikastetxeen mapa
Albiste boletina
Harpidetu eta izan gure ekimenen berri