Ontziratu zaitez!

Harategietan eta batez ere arrandegietan erosketa bakoitzeko bilgarri asko erabiltzen dira (plastikoa, papera…).  Arrandegien kasuan, traba handia sortu izan dute etxean darien usaia dela eta. Plastikoa eta papera bezalako lehengaiak ez xahutzeko erosketetara oihalezko poltsak eramaten hasi garen bezala, arrandegietara etxetik ontzi berrerabilgarriekin joatea nahi dugu.

2011ko maiatzean Ontziratu zaitez! kanpaina Hernanin martxan jarri genuenetik,  egitasmoa Gipuzkoako hainbat herrietara zabaldu da. Ordutik, herritarrek ontzi hauen erabilera barneratu dute ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murriztuz. 

Ekimen honen helburua hirukoitza da: 

Erosketak erosoagoak izango dira, erosleek behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dutelako, modu garbi batean gainera.

Saltokientzako kostu murrizketa handia suposatzen du, ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango.

Hondakin gutxiago ekoiztuko denez, ingurumenarentzat positiboa izateaz gain, ekimen honekin denok ateratzen gara irabazle.

Gaur egun tupperraren kanpaina Gipuzkoako 40 udalerritan dago martxan eta horretarako 70.000 ontzi berrerabilgarri banatu dira Ontziratu zaitez! lelopean. Kanpainaren ondorioz, batez beste 27.000 erosketa egiten dira hilero ontzi berrerabilgarria erabiliz. Honek hilean 150 kg paper eta 16.000 plastikozko poltsen aurrezpena suposatu du.

Dagoeneko 200 arrandegi eta harategi baino gehiago dira Ontziratu zaitez! kanpainarekin bat egin dutenak. Ikusi orain arte ontziratu diren herrien zerrenda:

Aduna Deba Itsasondo Pasaia
Aia Donostia Lazkao Segura
Aizarnazabal Elgeta Legazpi Tolosa
Antzuola Elgoibar Legorreta Urretxu
Arrasate Errenteria Lezo Usurbil
Astigarraga Errezil Mutriku Villabona
Azkoitia Getaria Oiartzun Zaldibia
Azpeitia Hernani Oñati Zarautz
Beizama Ibarra Ordizia Zestoa
Bergara Irura Orio Zumaia

 

Erosketa sariak

Arrandegi eta harategietan ontzi berrerabilgarria erabiltzearen truke, hilabetero hainbat erosketa sari eskuratzeko zozketetan parte hartzeko aukera dute erosleek.

Interesa baduzu idatzi ekogunea@ekogunea.eus helbidera.