Albisteak

2013 Uztaila 23

Hizkuntza-ekologia jardunaldien balorazio oso positiboa egin dute

Jardunaldien helburu nagusia hizkuntza-ekologia diskurtsoa eta praktikak eskualdean jendarteratzea izan da.


Hizkuntza-ekologia arloan elkarlanean ari gara Euskaltzaleen Topagunea eta Kutxa Ekogunea. Horren lekuko dira 2013ko ekainaren 4an hasi eta 14 bitartean antolatu genituen Oarsoaldeko Hizkuntza-ekologia jardunaldiak.

Balorazio oso baikorra egiten dugu antolakuntzatik eta bertan parte hartutako lagunek.  

Jardunaldien helburu nagusia izan da hizkuntza-ekologia diskurtsoa eta praktikak eskualdean jendarteratzea eta ia 100 partaidek hartu dute parte saioetan eta beste hainbatek jarraitu dituzte www.ekogunea.eus webgunean eskuragarri dauden saioetako bideo eta materialak.   

Arrakasta honen muinean egon da eskualdeko eragileen inplikazioa eta parte hartze aktiboa. Euskalgintzan interesa pizten duen ikuspuntua da hizkuntza-ekologia.  Ikuspegia zabaldu eta mezuak berritzeko, dagoeneko  egin den lana indartzeko eta argudio eta erreminta ekologiko praktikoak bilatzeko baliagarria gertatzen da hizkuntza-ekologia.

Antolatzaileek eta partaideen ebaluaketa emaitzek azpimarratu dituzten bi indar-guneak hauek dira:

Batetik, eskualde mailako jardunaldi eta azterketa mailaren egokitasun eta eraginkortasuna, nahiz eta partaideei galdetuta, gutxik aitortu duten eskualdeko  identitatea  -kasu honetan, Oarsoaldetar identitatea- dutenik. Ekologia ikuspuntu batetik,  ekintzarako eskala maila egokia da eskualdea eta horren adibide ditugu, adibidez, hondakinen kudeaketak, mugikortasun planak edo Oarsoalde mailako lanketa egiten duen  Euskara Batzordea.

Ikuspuntu ekonomikotik begiratuta ere, udal mailatik haratagoko tokiko planteamendua egiteak bideragarritasuna eta optimizaziorako aukerak eskaintzen ditu eta horren adibide ditugu euskal komunikabideen antolamendua (eskualdean bertan, Oarsoaldeko HITZAren bidetik eta baita beste eskualdetako komunikazio proiektuetan ere) edo Topagunearen beraren lan ildoa.  

Bigarrenik, hizkuntza-ekologia ikuspegiak hiztun berriak  hizkuntza gutxiagotuetara eta euskarara erakartzeko duen potentziala. Potentzial hau baliatzeko, jardunaldien saioen gehiengoa euskaraz burutu da eta euskaraz ez dakitenei zuzendutako gazteleraz emandako saio-tailerra ere izan da. Bertan parte hartu dutenen ekarpen eta esperientziak ezagutzeak hizkuntza-ekologia ikuspegiak hiztun berriak erakartzeko aukera eraginkorra dela ondorioztatzeko balio izan du.

Hobetzeko puntuak

Hobetzekoen artean, gaiak euskalgintzatik kanpo daudenengana iristeko dituen aukerak gehiago landu beharra azpimarratu dute antolatzaileek. Hala, hizkuntzarekin harremanik ez dutenak hizkuntza gaietara erakarri eta gerturatzea eta beste eremuetara diskurtso hau zabaltzea beharrezkotzat  jo da. Erronka handi bezain beharrezkoa.

Etorkizunera begira, udal eta eskualdeetako arduradunek eta eragile desberdinek identifikatutako behar eta bide berriak jorratzeko aukera ikusten dute Jardunaldien antolatzaileek, bai Oarsoaldean bertan, eta baita beste eskualdeetan ere. Bide horretan, bidelagun izateko prest agertu dira.